XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gure azterketa lehen bi azpilaginetan bakarrik oinarritu da, 2520 banakako lagina osatuaz.

Inkestaren egitura, egunbetea osatu dezaketen jarduera ezberdinen arabera eraikitako datu-matrizeak osatzen du.

Datu-matrize horren egitura aldagai anitzekoa da.

Horien artean 37k egunbetea osatu dezaketen jarduerak adierazten dituzte. Beste 9 aldagai soziodemografikoak dira.

Zutabeetan adierazten dira hauek. Guzti horiek behaketa-kopuru jakin batekin osatzen dira, 2520 gure kasuan, inkestan kontuan harturiko laginari dagozkionak, eta errenkadetan adierazitakoak.

37 jarduera biltzea, egunbetea osatzen duten jarduerak bigarren desagregazio maila batean hartzearen ondorioa da.

Banako bakoitzak jarduera ezberdinei eskaintzen dien minutuetan adierazitako denbora minutuz-minutu batuz gero, eguneko 24 orduak osatzen dira.

Azterketa hau burutzeko, jarduerei dagozkien aldagai guztiei garrantzi bera emanaz, horien araberako banakoen tipologia osatzea hartu da oinarritzat.

Tipologizazio hau burutu ahal izateko lan-bitartekoa datu anizkoitzen azterketan oinarritutako analisi faktoriala da.

Izaera honetako azterketa bat burutzeko beharrak berekin dakar oinarriko datu-basea eraldatzeko beharra.

Eraldatze hori izan zen, aipatzen ari garen oinarri metodologikoa garatu ahal izateko aurretik burutu beharreko lana.

Eraldaketa horrekin, jarduera bakoitzari eskainitako denbora minututan adieraziz jarraiak kontsideratutako aldagaiak, nominal izaerara bihurtu genituen.

Horrekin, jarduera bakoitza lau modalitaterekin ezaugarritzea lortu genuen. 0aren, alegia, lehen modalitatearen barruan, jarduera batean partehartzerik ez duten banakoak definitzen dira.

Gainontzeko biztanlegoa pisu berdina izango duten 3 tartetan bereizten da.

Lehenengoa, 1, jarduera konkretu batean partehartze murritza adierazten duena da; bigarrena, 2, partehartze ertaina; eta hirugarrena, berriz, 3, altua.

Horrekin jarduera guztiak maila berean hartzea lortzen da, bakoitzaren izaera errespetatuaz.

Esaterako, loari dagokionez, X ordutik behera izango da lo gutxi egitea; herri-partehartzeari dagokionez, berriz, 30 minututik beherakoa izango da partehartze txikia.

Egitura berri horretan aldagai soziodemografikoek beraien izaera aurreko matrizearen egitura berean gordetzen dute.